DOHAINIK: ADIBIDEAK DOHAINIK. IRAKURRI ZERBITZUA NOLAKOA DEN IKUSTEKO

      ASTEROKO AZTERKETAK


      1997.5.20. Euskal Herrian 1997ko maiatzaren 11 eta 18a bitarteko astean gertatutakoaren azterketa.


      IRUZURRA, GEZURRAK ETA BIDEO-ZINTAK: EUSKAL KONTZERTU ETA KUPOA.

      Porrot militar baten ondorioz ordaintzen ditugun zergak garaipentzat "saltzen" digute. Gai honek euskal historiaren azken mende eta erdia argitzen (eta iluntzen) du.


      Ai Sabino Aranak, EAJren sortzaile zenak, burua altxako balu! "Saltzaile" deituko lioke Sabino Arana Fundazioko Buruari berari. Orain dela 103 urte, 1894an, "saltzaile" deitu zien Aranak BIZKAITARRA aldizkaritik hirugarren Kontzertu Ekonomikoan orduko milio bat pezetako igoera likidoa onartu zuten bizkaitar ordezkariei. Kontzertuaren izaera oligarkikoa ere salatu zuen Sabino Aranak, izan ere, herriaren kontsumoaren gain uzten baitzuen zergen presioa, Bizkaiko industriari eta ugazabak, aldiz, ordaintzetik salbuetsi eta kapitalak metatzeko eskubidea zutelarik.

      Sabino Arana Fundazioko buru den Anton AURRE ELORRIETAk hilaren 16ean argitara emandako artikulu batean zorionak ematen zizkien Euskal Autonomi-Elkarteko gobernukideei, hilaren 14eko iluntzean, Espainiar Gobernuko presidenteordeak eta Gobernu baskongadoko lehendakariordeak Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoaren bost urterako Legea Baskongadetan 1997-2001 bitarteko aldirako berritzeko hitzartu zutela eta. Gobernukideen aldeko kanpai-hotsa, erretreta loratua, txaloaldi hunkitua, lore eskaintza mirestua izan zen artikulu horretan ondokoa zioen guztiz lotsagabe Aurrek: "Euskadi "ihesaldi egokian" sartu dela esan dezakegu. Ahalmen bereko hiru korrikalarik osatzen duten ihesaldian hain justu: Europar Ogasuna, Estatuko Ogasuna eta Euskal Ogasunak. HORRELA, EDOZEIN ESTATUK ADINAKO ZERGA- ETA FINANTZA-TRESNAK DITU EUSKADIK" Letra larri-beltxak nik jarri ditut iruzurra nabarmentzearren.

      Ez dira, ez, EAJren ustegabeko hitz isolatuak. Hamarka ordu geroago "Ez dut Estatu baten sorreran sinisten" adierazi zuen Josu Jon IMAZ EAJko eurodiputatuak egunkariko elkarrizketa berean, eta "EAJk (Euskal Herriarentzako) estataltasunari uko egiten dio, egin diola" esanaz Aurreren iruzurra berretu eta bermatzen zuelarik. Hitzarmena zela eta "Europar Batasuneko edozein Estatuk edo unitate politikok etorkizunean izango duen zerga-burujabetza maila berean kokatzen du Euskadi". Irratietan entzun eta nonahi irakur daiteken arabera, "doktrina" horri orroatzen dute EAJko elefante sakratuek eta bere akolitoek. Beren adierazpenak jasotzen dituzten bideo-zintez gainezka daude telebistak.

      Irakurlea gai honetara erakarri nahi dut, oso larria izateaz gain, primeran islatzen duelako egun Euskal Herriak bizi duen egoera eta euskal historiaren azken mende t'erdia argitzen (eta ezkutatzen) duelako. Jakina denez, iluntasuna da Produkziobide Kapitalistaren ezaugarri nagusia, gauzak bertan ez dira-eta diruditen bezalakoak. Honela bada, aipatu dudan kontu hau, iluntasun horren adibide ezezik, Euskal Herriari iruzur egiten dion modu latzaren adibide ere bada, gezur eta bideo-zinten bidez iruzur egin ere, egungo egoera faltsutu eta bere historia gezur hutsa balitz aurkeztuz.

      EAJk (eta EAk, Gobernuan elkarrekin egon eta Kontzertua sinatu baitu) Euskal Herriari egiten dioten saldukeriaren onuradunak poztu eta hura zorizntzen dute. Hilaren 16ko espainiar egunkariak pozez betetako editorial goresgarriez gainezka zeuden. Pozarren Espainiaren zintzotasuna eta euskaldun "zintzoen" (hots, espainiar armadaren menpe izandako porrot militarraren bidezko zigor gisa Espainiari zergak ordaintzen dizkioten euskaldun esaneko, euskaldun meneko, euskaldun belaunikatuen) zintzotasuna dela eta. Eta Historiaren faltsuketa sendotzen zuten denek, idazleen fede txarraren edo, kasurik onenean, ezjakintasun latzaren emaitza erakutsiz.

      Honela bada, EL PAÍSeko "Concierto 2000" editorialak gezurra zioen kontzertua "tradiziozko foru-autonomiaren herentzia" zela zioenean, zuzen zegoen, berriz, "euskal autonomiaren logikan datzan zerbait" dela adierazi eta "berezitasun historiko" honen izaera konstituzionala nabarmentzean. EL CORREO ESPAÑOLek "Euskadiren autogobernua handitzen duela" zioen "Acuerdo clave" izenburuko editorialean. EL MUNDOk, exageratu egiten zuen "El concierto concertado" editorialean mende eta erdia baino sei urte zaharragoa den gai honek "sustrai historiko sakoneko berezitasuna" dela esatean. ABCk zinizmo eta iseka marka guztiak hautsi zituen "Una singularidad legítima" zeritzon editorialean zera adieraziz: "Zerga kontuetan Euskadik, eta areago Nafarroak, egoera berezi IA BURUJABEaz gozatzen dute" (letra larri-beltxak nik jarriak dira). Zerga gaietako burujabetzaren galera ekarri zuten eta dakarten Kontzertuez ari da hain zuzen.

      Eta LA VANGUARDIAk Historiarekiko duen mespretxua erakusten zuen "informazioetako" batean "Francok etendako ehun urtetik gorako legea" zela eta "Gerra Zibilarekin eta Franco Jeneralak boterea eskuratzearekin batera bertan behera utzi zuten Kontzertu Ekonomikoa" zioenean. Eta ditu ehun urte, baizik eta seiehun, izan ere, 1841eko Lege Pakzionatu zeritzonak 25. artikuluan Nafarroa espainiar Ogasunari urteko milio bat eta zortziehun mila erreal ordaintzera behartzen zuen huraxe baita lehenbiziko Kontzertu Ekonomikoa. Bestetik, Francok ez zuen Kontzertu Ekonomikoa bertan behera utzi, bere horretan iraun baitzuen Nafarroa eta Araban diktadura frankistak iraun zuen 40 urteetan. 1937ko ekainaren 23ko lege-dekretu baten bidez "indarrik gabe" utzi zuen "probintzia baskongadetan arazo ekonomikoetarako indarrean zegoen itundutako sistema" bi probintzia "traidoreetan" (Gipuzkoa eta Bizkaia) "uztailaren 17an abiatutako Mugimendu Nazionalaren aurka armak eskutan altxatu" eta zerga- eta administrazio-erregimenaren berezitasunaz baliatu zirelako Espainiaren aurkako politikarik traketsena gauzatzeko". Aipuok atera ditudan lege-dekretuaren hitzaurrean bertan sistemak "Araban iraun dezan" behar dela adierazten da " ez baitzuen matxinada-ekintzetan parte hartu". Nafarroan bezalaxe. Zerga- eta administrazio-erregimen horrek "bere sentimendu nazionala eta Aberriaren xede amankomunarekiko atxikimenduaren sua areago indartzeko balio izan zuen Nafarroa txit zintzoan" dio testuak.

      VI., VII. eta VIII. mendeetan zehar garaiko kronistek Juan Carlos I.aren aurreko errege bisigotuei (Leovigildo, Gundemoro, Sisebuto, Siuntila eta Wamba besteak beste) hurrenez hurren (errepikaren errepikak gezurra agerian uzten zuelarik) egotzi izan zieten Perdomuit feroces vascones (euskaldun ankerrak menperatu zituen) leloa Espainiako Juan Carlos I erregeari leporatzea bakarrik falta izan zitzaien Espainiar egunkari hauei guztiei.

      Utz ditzagun espainiar komunikabideen (eta euskal komunikabide zipaioen) faltsuketa, itxuragabetze eta gezurrak eta hel gatzaizkie ezkutatu edo gezurtatzen dizkiguten gertaerei.

      1. (eta funtsezko) gertaera: Kontzertu Ekonomikoak Hego Euskal Herriaren zergekiko burujabetzaren galeraren froga eta ondorio dira, euskal porrot militar baten emaitza pozoitua, aldizkako ospila, garailearen, menperatzailearen urteroko ordaina. Orain dela ez horrenbeste denbora (ikuspegi historikotik), 1840an Hego Euskal Herriko euskaldunek EZ ZIOTEN ZERGARIK ORDAINDU BEHAR Espainiako Koroari. Halaber, EZ ZUTEN ESPAINIAR ARMADA ZERBITZERA JOAN BEHAR. Euskal Herriko nekazal multzoek karlistadetan espainiar armadaren menpe jasandako porrotek bakarrik eragin dute euskal Foruen indargabetzea, zati batean hasieran, osoa gero, horrek zergak ordaindu eta espainiar armadan soldadutza egin beharra ekarri zuelarik.

      Gorago esan bezala, 1841eko Lege Pakzionatu deritzonak behartu zuen Nafarroa lehen karlistadako porrotaren ondoren espainiar Ogasunari urtero kupo bat ordaintzera. Baina, bereziki 1872-1876ko karlistadan euskal nekazariek jasandako porrota Foruen erabateko indargabetzearekin zigortu zuten, ondorioz zergen alorreko burujabetza galdu eta "bostenak" soldadutzara derrigortuz.

      Argi asko zeukan hori Espainiako Ministro-Kontseiluko buru zen Antonio Cánovas del Castillok, Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako lehenbiziko Kontzertu Ekonomikoaren hitzarmena jasotzen zuen 1878ko otsailaren 28ko Erret Dekretuaren hitzaurrean ondokoa idatzi zuenean: " Jauna: Probintzia Baskongadoetan batasun konstituzionala zedarrituta; lehenbiziko bostena egiaztatuta, … haiek Kontzertu Ekonomikora biltzea besterik ez zen falta; zerga-adierazpen oro Estatuaren aurrekontu orokorretan jasotzea, eta jabetzaren, industriaren eta merkataritzaren gaineko zerga oro bertakoengan gainontzeko espainiarrengan bezalakoxe eragina izatea".

      2. gertaera (gure historia berriko ehun urte baldintzatu dituena). 1876an euskal burgesiak, zehazkiago buru duen industria- eta finantza-alorreko oligarkiak, "jauntxoek" (Euskal Herriko nekazal munduko jende gorenak) klase nagusi gisa, botere politiko eta sozialaren (bidezko titulurik gabeko) jabe gisa zuten tokia hartzen du Euskal Herrian. Horretarako botere politikoa (eta berau ehun urtetan zehar -1931-1937 urteen bitarteko etenaldi errepublikarra salbu- luzatzen ahalbidetuko zioten tresna legalak gero) euskal nekazal muntzoak menperatu eta hauek Armada eta Estatu arroztzat dituzten espainiar armadaren eta espainiar Estatuaren eskutik jaso zuten. 1875ean jada, Francisco MAC-MAHON, oligarkiaren inguruetako tipo nabarmena zena, Bizkaiko Gobernadore izendatu zuen espainiar Gobernuak. Foruak indargabetzen zuen 1876ko uztailaren 21eko legea ezartzeari uko egin izateagatik, 1877an Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Diputazioak indargabetu ondoren, merkataritzaren eta industriaren interesak bermatzen dituzten burgesek osatu zituzten hauteskunderik gabe eratutako behin behineko Aldundi "moldagarriak" eratu zituen Espainiar Gobernuak.

      Eta Euskal Herriko industria eta finantza oligarkia Kontzertu Ekonomikoak beren interesak babesteko tresna baliotsua izan ezezik, Aldundiak, eta hauen bidez ordaindu beharreko zergak, kontrolatzeko aukera ematen diela konturatuta "euskal tentazio" oro baztertu eta espainolista bilakatzen da, euskaldun-espainolista. Ez da harritzekoa, izan ere, espainiar Estatuak hain zuzen ere, eskaintzen baitio bere botere ekonomikoa handitzeko ezinbesteko izango zaion tresna: Kontzertu Ekonomikoa. Ondokoak lortzeko aukera emango diote:

      1. Hobariak Espainiako industriaren aldean, beren industrien gaineko zerga-presioa murriztean (1880-2882 zerga-urtean Bizkaiak 21.312 pezeta besterik ez zituen ordaindu industria-zergei dagokienean, Bartzelonak ordaindu zituen 5.423.504ren aldean eta Salamancako! 330.944ren aldean);

      2. Klase azpiratuen gaineko lan arloko zanpaketa handitu haiek ordaindu beharreko zerga-presioa areagotuz (1912rarte Bizkaiko Aldundiak ez zuen higiezin, labore, abere, industria edo merkataritzaren gaineko zergarik ezarri; 1927an industria eta merkataritzatik 899.815 pezeta eta kontsumotik 5.499.992 pezeta jasotzea proposatu zuen Bizkaiko Aldundiak);

      3. Beren gastu pribatuak murriztuko dituzten lanak (meategi-trenbideak, portua, e.a.) diru publikoaren bidez finantzatu; eta

      4. Erakundea ideologiarako arma gisa erabili zuten, izan ere, Kortzertuen definizio okerra egin baitzuen oligarkiak eta benetako izaera eta beren klaserako zerbitzurako arma ekonomiko gisa erabiliko zutela ezkutatu, eta Foruen galera berdinduko zuten Euskal Herriaren askatasunaren adierazpena direla sinistarazi zuten. Gaur egun EAJk egiten duen bezalaxe.

      Beste askotan bezala, ENAMek (Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak) egoera argitu zuen Herri Batasunak egun berean, hilaren 16an, plazaratutako jakinarazpen baten bidez. Espainiako Koroari ordaindu beharreko zergak garaipen bilakatzeko EAJk erabilitako gezurrak, arrakasta mozorroz jantzitako amore emate lotsagarria eta propaganda alienatzailea salatu zituen. HBk esan zuen "ezin gaitezkeela erabateko zerga-gaitasunez mintzo", "hitzarmenak zein Kontzertuak zerga burujabetza mugatzen dituztelako" eta "badela garaia espainiar Estatuarekiko harremanak aldatu ezean, KUPOARI PEZETA BAKAR BAT GEHIAGO ERE EZ ORDAINTZEA irmo eskatzeko". EAJk eta bere espainiar lausengariek ezkutatu arren nabarmen dena gogoraziz, "Kontzertua, Hitzarmena eta dagozkien kupoak ez direla inongo pribilegioa, porrot militar baten ondorioa eta euskal ogasunari egindako usurpazioa baizik" salatu zuen HBk. Halaber, EAJk "urtero ehundaka milioi pezeta bidaltzea onartzen duela espainiar Gobernuak armada, polizia, Koroa eta hainbat egitasmo eta lan megalomanotan xahu dezan" ere salatu zuen HBk.

      Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle den Manu Monterok, abertzale izateko inongo susmorik gabea, Kontzertu Ekonomiko hauek aurrekoak baino are okerragoak direla salatu du. Ondokoa argitaratu du: "Kontzertu Ekonomiko historikoetan -1878 eta 1937 bitartekoak- arautzeko erabateko gaitasuna izan zuten euskal probintziek. Areago, beren zerga propioak zeuzkaten, Espainiako gainerakoak guztiz ez bezalakoak. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa zerga paradisuak izan ziren".

      Eta bukatzeko, Euskal Autonomi Elkartean nagusi den sindikatuak, egun ENAMeko sindikatuarekin -LABekin- batera diharduen ELA sindikatu abertzaleak, EAJren gobernuek Kontzertuak ezartzerakoan izandako izaera antisoziala salatu du. Gaur egun zerga-zamak lansarien gainean bakarrik eragiten duela adierazi du, izan ere, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan bataz beste 431.000 pezeta ordaintzen baitute soldatapekoek, enpresetan eta iharduera profesionaletan dihardutenek, berriz, 161.000 besterik ez. Eta Kontzertuek eskainitako eskumenez baliatzean negargarri jardun dutela: enpresen eta kapitalen errenten gaineko zegak murriztu, zerga alorreko iruzurraren aurkako borrokan aurrerapen gutxi eta iruzur horrixe enpresen, profesionalen eta kapitalen errentetan nagusitu izana ekarri baitu.

      Neurriz kanpokoa al zen azterketa honi IRUZURRA, GEZURRAK ETA BIDEO-ZINTAK: KONTZERTUA ETA KUPOA izenburua jartzea?

      Justo DE LA CUEVA
      a la página Servicio analítico/informativo a la página principal